2013(e)ko apirilaren 9(a), asteartea

Joseba Belokiri elkarrizketa

“Armstrongek eta biok ez genituen besteak arerio bezala ikusten sailkapen orokorrerako”
Joseba Beloki (Lazkao, 1973ko abuztuaren 12) txirrindulari profesionala izan zen. Euskaltel Euskadi taldearekin egin zuen debuta 1998. urtean.  2000. eta 2002. urteen artean birritan 3. eta behin 2. sailkatu zen Frantziako Tourrean Festina eta ONCE taldeekin. Asturias, Romandia eta Kataluniako itzuli bana ere irabazi zituen urte horietan. 2003an Tourreko bederatzigarren etapan La Rochetten behera bere karrera profesionala zapuztu zuen eroriko bat izan zuen. 2007an erretiratu zen, eta gaur egun, kirola albo batera utzi gabe kazetaritzaren hainbat arlotan dabil lanean.

Noiz konturatu zinen profesional izatera ailegatu zintezkeela?

Nire asmoa betidanik izan zen profesional izatea, baina ikusten nuen gero eta zailagoa zela, eta gero eta leku gutxiago zeudela profesionaletan aritzeko. Baina 1996an oso denboraldi ona burutu nuen amateur mailan eta hor ikusi nuen aukerak izango nituela profesionaletan. Gero 1997a ere oso urte ona izan zen niretzat eta 1998an Euskaltelera sartu nintzen.

Esan duzun bezala profesionaletan Euskaltel Euskadirekin debutatu zenuen. Zer oroitzapen dauzkazu lehen urte horietaz?
Dudarik gabe zure lehenengo urtea profesionaletan oso urte aberatsa da sentimendu aldetik. Nik beti lasterketetara joaten nintzenean ikusten nituen txirrindulariekin gertutasun bat izatea eta gainera etxeko taldean ibiltzea oso berezia izan zen niretzat. Aldi berean urte hori ere oso garrantzitsua izan zen: profesional izatera ailegatzea zaila da, baina are zailagoa mantentzea; eta nik helburu hori lortu nuen.

Asko kostatu zitzaizun egokitzea?
Ez. 24 urte nituen, esperientzia handia neukan eta gainera lehen urtean karrera politetan ibiltzeko aukera izan nuen (Gazteen Tourrean adibidez azken egunera arte lider egon nintzen). Hau dela eta ez zitzaidan asko kostatu kategoria berrira moldatzea.

Zure lehenengo 3 Tourretan bi aldiz hirugarren eta aldi batez bigarren geratu zinen.
Sorpresa handia izan zen. 2000. urtean Festinarekin joan nintzen Christophe Moreau, Ángel Casero eta Marcel Wüst laguntzeko asmoz. Baina Aubisqueko etapa eta gero 6. jarri nintzen sailkapen orokorrean eta hortik aurrera sailkapen orokorrerako lehian sartu nintzen. Hurrengo urtean ONCE taldera joan nintzen Tourretan sailkapen orokorra lehiatzeko asmoz, eta 3. eta 2. sailkatzea lortu nuen.

2003ko Tourrean eroriko famatua izan zenuen. Suposatzen dut irudiak ikusi dituzula. Zer sentitu zenuen ikusi zenituen lehen aldian?
Askotan ikusi ditut. Erori eta gero Gapeko UVI batean egon nintzen sartuta eta han izan zen erorikoa ikusi nuen lehen aldia. UVI horretan telebista bat neukan, eta gau osoa pasa nuen lorik egin gabe France telebistak ordu laurdenero egiten zituen buletinak ikusten, non nire erorikoa behin eta berriro agertzen zen. Momentu horretan min fisikoa sentitzen nuen, baina batez ere kolpea psikologikoa izan zen.

Zenbat pertsonek esan dizute 2003an eroriko hori izan ez bazenu Tour hori zurea zela?

Esan askok; baina nik beti esan dut Tour bat irabazteko Parisera ailegatu behar dela, eta dudarik gabe Tour horretan Pirinioetako etapa garrantzitsuenak falta ziren. Nik oso zaila ikusten nuen. Egia da Armstrong ez zela ondo ibili Alpeetan, eta nahiz eta jendeak ausardiaz atakatu bera beti Pirinioetan hobeto ibiltzen zen. Armstrongen estrategia lehen mendi etapan 2 minutu sartu eta gero besteen atakeak itxarotea zen; baina urte horretan hori ez zuen lortu, eta horregatik besteak nahiko harro geunden. Guk bera beldurtuta ikusten genuen, baina oraindik Pirinioak falta ziren.

Zuk besteak baino indartsuago zeunden.
Nik besteak baino indartsuago sentitzen nintzen. Hau dela eta Lance eta biok gerra batean sartu ginen eta besteak, eta errespetu osoz esanda, ez genituen arerio bezala ikusten sailkapen orokorrerako. Bion arteko gerra bat zen.

Eroriko horren ostean ez zen ezer berdina izan eta urte batzuk geroago erretiratu zinen. Suposatzen dut erretirorainoko bide hori oso zaila izango zela.
Oso zaila. Karreretan oraindik errehabilitazioa bukatu baino lehen hasi nintzen. Nik komunikabideei dena oso ondo zihoala esaten nien, baina eskuineko hankan ez neukan indar berdina, jaitsieretan ez nuen konfiantza berdina… Nire kideek eta nik bagenekien Tourretako Joseba Beloki hori bukatuta zegoela.

Hala ere gaur egun kirolaz bizitzen jarraitzen duzu era batera edo bestera.
Bizikleta marka bat jarri nuen martxan kide batzuekin baina orain stand byan dago gauzak dauden bezala daudela ikusita. Horrez gain publizitatean, irratian eta Ciclismo a fondon nago lanean.

Nondik dator kazetaritzarako bokazio hau?
Txikitan esaten nuen txirrindularia ez izatekotan abokatua edo kirol kazetaria izango nintzakeela. Beti gustatu izan zait mota guztietako prentsa irakurtzea. Horrez gain beti dut etxean irratia jarrita.

Martin Fizekin korrikan zabiltza azken aldian. Zerk bideratu zintuen horretara?
Erretiratu nintzenean ikusi nuen egunero bizikletan ibiltzeko 2-3 ordu ez nituela, baina ordubete korrika ibiltzeko bai. Hau dela eta Martinek bideratu ninduen ahalik eta hoberen egiten: entrenamenduak planifikatzen, zapatilak hautatzen… Orain daukagun korrika-taldearekin entrenatzen dugu eta karreretara joaten gara. Maratoiren bat ere egin dugu.

Noizko Triatloia?
Saiatu nintzen igerilekura joaten eta uretan nola ibiltzen nintzen ikusten. Ez nabil gaizki, eta noizbait egitea pentsatuta daukat. Baina beldur ikaragarria ematen dit itsasoan edo pantanoan jende gehiagorekin igeri egitea. Igerilekuan zu zure kaletik lasai asko zoaz inor molestatu gabe; baina triatloietan guztiak batera ateratzean kontaktu asko dago, eta nik horri beldur handia diot, baita korronteei ere.

Zein da zure kirol bizitzako oroitzapenik politena?
Oso tipo nostalgikoa naiz. Bederatzi urte nituenean nola hasi nintzen bizikletan ibiltzen, lehenengo erorikoak, lehenengo karrerak… Uste dut hauek direla unerik politenak. Profesionalki daukadan momenturik politena 2002an Tourrean ONCErekin irabazi genuen taldekako erlojupekoa da, garaipen honek talde barruan geneukan erlazio pertsonal hori agerian geratu zelako.

Zer suposatu zuen bai pertsonalki eta bai profesionalki talde hori zuretzat?
Talde guztiek daukate bere garantzia (Euskaltelek formazioa eman zidan, Festinak lehen Tourrera joateko aukera...). Baina goi-mailako kirolari izatera ONCE taldean ailegatu nintzen. Oso ondo sentitzen nintzen talde barruan, nire taldekiedeak familia antzeko bat ziren. Horrez gain, Abraham Olano munduko txapelduna izanda, José Acevedo, Igor Gonzalez de Galdeano edota Jörg Jaksche lagun minak izanda niretzat lan egitea oso garrantzitsua izan zen. Sorbaldak oso ondo babestuta nituen.


Zein egoeratan dago gaur egun formaziozko txirrindularitza?
Ikaragarri gaizki. Txirrindularitzaren zirkoa estrukturalki nola egituratuta dagoen desastre bat da, eta hau dela eta kanpora ematen ari den irudia oso kaskarra da. Kirol hau komunikabideetan agertzen den bakoitzean berri txarrak dira: dopajea, isripuak… Eta honek suposatu dezake gurasoek haien umeei txirringarekin ibiltzen ez uztea.

Zergatik txirrindularitzan dopinga oihartzun handiagoa dauka beste kiroletan baino?
Moztu ez delako. 1998an Festinaren auzia agertu zenean batzuk txirrindularitza propaganda egiteko eszenatoki perfektua zela ikusi zuten: taldeen arteko borrokak, UCI eta Tourraren arteko haustura… Gainera, txirrindulariok ezin genuen kontrolei ezetz esan sponsorrak ez galtzeko. Honek guztiak mendi handi bat sortu du eta txirrindularitzaren irudia zikindu du. Baina kontuan hartzekoa da txirrindularitzan dagoen kontrol/positiboen proportzioa beste kirol askotan dagoena baino askoz txikiagoa dela.

Noizbait ikusiko dugu Puerto Auzia bezalako bat futbola edo saskibaloia bezalako kiroletan?
Espero ezetz. Nire ustez ez da horrelako auzirik gehiago emango antzeko hurrengo bat ematen bada gauzak hobeto egingo direlako, bai txirrindularitzan bada edo bai beste kirol batean bada. Hala ere kontuan hartu behar da, eta jende gero eta gehiago horretaz konturatzen ari da, Puerto Auzia osasun publikoaren aurkako auzi bat dela eta ez dopingaren aurkakoa.


Uste duzu Euskal Herriko txirrindulari gazteek aukera nahikoak dituztela profesionaletara saltoa emateko?
Aukera nahikoak ez daude. Ni profesionaletara ailegatu nintzenean 6 talde zeuden espainiar estatuan kategoria maximoan eta gaur egun bakarrik Movistar eta Euskaltel daude. Gainera orain Euskatelek puntu sistema berria dela eta egin behar izan duen politika aldaketak gehiago murriztu ditu aukera horiek.

Zer uste duzu UCIko puntu sistemaren inguruan?
Nire ustez zapuztu beharko litzateke sistema hau. Txirrindulari bat karrera bat irabaztea ez da bakarrik bere lana, taldearen lana baizik. Puntu sistema honek egiten duena, meritu guztia irabazi duen txirrindulari horri ematea da. Hurrengo urtean kontratuak sinatu behar direnean, irabazten duen txirrindulari horrek puntu asko izatean kontratu on bat sinatzeko aukera izango luke baina beste talde guztia punturik ez edukitzean ziur aski txirrindularitza profesionaletik kanpo geratuko lirateke. Honekin nahi dutena txirrindularitza indibidualizatzea da, eta ezinezkoa da karrera bat bakarrik irabaztea.

Nola baloratzen duzu gaur egun UCIk daukan papera txirrindularitzaren barruan?
UCI enpresa bat da eta beraren interesak defendatzen ditu. Eta interes horien artean asko txirrindularien eta taldeen aurkakoak dira. Adibidez dirua dela eta azken urteetan betiko karrerak itzaltzen ari dira Txinara, Emiratoetara, edo Qatarrera adibidez joateko. Baina UCIrekin ez bazaude, ez daukazu non korritzerik.

Eta talde guztiak batzen badira UCIren aurka?
Hau izango litzateke egin beharrekoa, eta duela urte batzuk proposatu zen. Baina ideia batean bakarrik geratu zen. Txirrindularitzak liga profesional bat behar du non taldeek jartzen dituzten arauak, NBA bezala.

Pinganilloak bai edo ez?
Beharrezkoak dira. Taktikoki karrera asko lotu ditu pinganilloak. Baina azkenean pinganillorik ez egoteak orain segundo batean esaten dena kotxeetatik zuzenean esan beharko litzateke. Azkenean txirrindulariari pinganilloak segurtasuna ematen dio erorikoetatik edota beste edozein arriskuetatik abisatuta zaudelako.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...