2013(e)ko martxoaren 15(a), ostirala

"Martxoak 3" elkartearen bozeramaileei elkarrizketa II

“PSOEri ezinezkoa suertatu zitzaion lehendakaritzan Euskal Herriko errealitatea borrokatzea” Lander Garcia
Aurreko egunean publikatutako elkarrizketaren bigarren atala daukazue hau. Bertan, Lander Garcia Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak hainbat gaien inguruan hitz egiten du.

Nondik dator elkartea sortzeko ideia?
Martxoak 3 elkartea berez 1999an sortu zen XX. mende horren bukaeran sortzen ari zen egoera politiko berrian biktimentzako justizia aldarrikatzeko sortu zen. Baina egia, justizia eta sarraskiaren oroimena mantentzeko ekimenak beti egon dira Gasteizen, bai sindikatuen eta eragile politiko eta sozialen aldetik.
Bertsio ofizialean, biktimak erasotzaile bezala agertzen dira eta poliziek haien bizitza arriskuan ikustean tirokatu zituztela dio. Hau dela eta, elkartearen lehenengo asmoetako bat bertsio ofizialaren aldaketa izan zen. Justizia lortzeko lehenik eta behin egin behar dena egia bilatzea da, gero egiatik jendea epaitu ahal izateko. Horregatik egia da lehenengo aldarrikapena beti.


Nola lan egiten duzue? Zein ekintza burutzen dituzue?
Ekimen asko egin izan ditugu. Baina garrantzitsuena, euskal parlamentuarekin batera egin genuena da. Lortu genuen Fraga parlamentura deituta egotea, baina ez zen agertu. Estatu barruan instituzioak inplikatu eta gero ONUko Giza Eskubideen tribunalera joatea da gure helburua. Horrez gain, herri mugimenduetan eta kasuaren gizarteratzean ere lan egin dugu: manifestaldiak, M3moria Gunearen antolakuntza, hitzaldiak, etab.

Nondik dator Bloody Sundayeko biktimekin elkartasuna?
Elkarteko kide batzuk harremana zeukaten Irlandarekin. Gainera Irlanda eta Euskal Herriaren arteko harreman estua egon da beti: gatazka dauden bi herri, zapaldutako bi herri… Gobernu Britaniarrak hasieran hemen gertatzen den bezala ez zuen onartzen sortutako mina. Han erresoluzio fasera ailegatu zirenean, Britania Handiak onartu zuen momentu horretara arte ontzat ematen zen bertsioa ez zela egia, eta biktimak inozenteak zirela. Guk ikusita egoera hori hemen ematea ezinezkoa dela eta haiekin identifikatuta sentitu ginenez, hona etortzera gonbidatu genituen. Benetan oso interesgarria izan zen haiek gurekin egotea, izan ere, biktimen arteko elkarrizketak terapia moduko batzuk dira, identifikatuta sentitzen baitziren haien artean. Gainera Martxoak 3ri proiekzio internazional bat emateko aukera eman zigun. Oso aberasgarria izan zen guretzat.

EHko 5 sindikatu handiak Martxoak 3ko manifestaldira deitzen dute. Badakizue zergatik CCOOk eta UGTk ez duten deitzen?
Hasiera batean, CCOO eta UGT manifestaldietara etortzen ziren, baina bere momentuan haiek trantsizioa onartu zuten eta manifestaziora joateari utzi zioten, haien apustua Maiatzaren 1a zela esanez. Baina hau gure ustez aitzakia bat da, izan ere, Martxoaren 3ko manifestaldia lehenik eta behin zigorgabetasunaren aurkako salaketa bat da. Hori salatzea Espainiako sistema osoa salatzea suposatzen zuen, Espainia diktaduratik monarkia konstituzionalera pasatu zelako inongo mozketarik gabe. Eta haiek trantsizio hori onartzean mozketarik ez egotea ere onartu zuten. Hau dela eta haiek ez lirateke gustura sentituko trantsizio hori salatzen duen manifestaldi batean. Hala ere, horrek ez du esan nahi afiliatuak ez direla etortzen, izan ere, elkarteko hainbat pertsona bi sindikatu horietan sartuta daude.

Xuban Nafarrateren eta Iñigo Cabacasen kasuak besteak beste poliziak indarkeria erabiltzen jarraitzen duenaren kasu argiak dira. Baina zein ezberdintasun dago 1976ko eta gaur egungo indarkeriaren artean?
Espainian ez dago inongo kultura demokratikorik. Hau dela eta, estatuak ez daki kritikak nola kudeatzen ezta erabakitzeko eskubidea babesten. Hau ez da kasualitatea, izan ere, lehen esan dudan bezala ez da inongo apurketarik egon diktaduratik monarkia parlamentariora. Beraz trantsizioan sortutako erakunde guztiak, diktaduraren ondorio dira, eta polizia egitura horien barruan dago. Ertzaintza adibidez eskema zehatz baten barruan dago eta zigorgabetasun sistema horren barruan sortu dena, eta bai PSOEk, bai UGTk eta CCOOk, eta baita EAJk ere sistema hori elikatu dute urteetan zehar. Eta azken urteotan egoera sozioekonomikoa larritu den heinean ikusi da nola jendea kalera atera den, eta aldi berean nola polizia antzeko jarrera bat hartu duen.

Esan duzu PSOEk sistema hori elikatu duela baina duela pare bat urte omenaldi bat egin zien Martxoak 3ko biktimei. Nola ulertzen da hau?
2011n PSOEk zeukan lehendakaritza hauteskunde bitxi batzuen ondorioz. Oso zaila suertatzen zitzaion PSOEri ikuspegi zabal bat mantentzea biktimen auziekin PPrekin gobernuan zegoelako. Baina sozialistek oso arerio latza zeukaten momentu horietan: errealitatea. Oso zaila da egunero ETAren biktimak bakarrik daudela saltzea, herri batean non guztiok daukagun lagun bat, bizilagun bat edo familiako bat nor torturatua izan den, preso izan den, edo azken hamarkadetan estatuaren biolentzia jasan duen. Errealitate hau borrokatzen saiatu ziren, baina ezinezkoa suertatu zitzaien. Eta testuinguru horretan martxoak 3ko biktimei omenalditxo bat egin zieten nolabait biktima mota hauek ere kontutan hartzen zituztela frogatzeko.

Zer gertatu zen 2006ko martxoak 3an 30. urteurreneko ospakizunetan?
Oso urtemuga berezia izan zen hori, Lluis Llach etorri behar zelako kontzertu bat ematera egun horretan. Betidanik martxoaren 3a sarraskia salatzeaz aparte beti egokitzen zen egungo aldarrikapen ezberdinetara, 1976an zegoen espiritua bizirik mantentzeko asmoz. Baina aste horretan, bi euskal preso kartzelan hil ziren. Horregatik bi euskal preso bi kartzela ezberdinetan hain denbora gutxian hilik agertzean (gainera jakiten ez ziren arrazoiengatik) erabaki genuen martxoaren 3ak elkartasuna eskainiko ziela bi presoen familiei.
Beraz manifestaldian erabaki zen presoen bi argazki ateratzea ikurrina batekin batera, bi hilketetan gertatu zenaren egia aldarrikatuz. Bertsio ofizialak (bai Espainiarena eta bai Euskadikoa) preso horiek hilda zeudela eta haien inguruan ezin zela aldarrikapenik egin esan zuen. Honek berriro ere agerian utzi zuen nola batzuk foku guztiak jasotzen zituzten sufrimenduaren beste aldeak inongo onarpenik jasotzen ez zuen bitartean.
Hau dela eta egun osoan zehar oso giro korapilatsua egon zen (goizeko kontzentrazioan kargak egon ziren adibidez). Juan José Ibarretxek eta Javier Balzak (barne-sailaren burua) arratsaldeko manifestaldia gelditu geldi zuten bi argazki horiek eramateagatik. Denbora batez geldituta izan ondoren, kargatzen hasi ziren aitzakia horrekin manifestaldia desegin zutelarik. Honek suposatu zuen 1976ean poliziaren biktimak izan zirenak 30 urte geroago berriro ere kolektibo honen biolentzia jasan behar izatea eta gainera gero akusatu bezala epaitegietara joan behar izatea erresistentziagatik.

Ez duzue uste Martxoaren 3ko borrokaren barruan beste borroka mota batzuk sartzea elkartearen lana kaltetu dezakeela?
Ez. 2006ko kasuan bi alderdirengatik batu ginen aldarrikapen horretara: zigorgabetasuna salatzeko eta eskubide sozial eta askatasunen defentsan ateratzeko. Guretzat Martxoaren 3ko espiritua urtero indarberritzen da gaur egungo eguneroko borroken bidez, eta hori islatzen dugu beste borroka batzuekin batzerakoan.

Uste duzue EAJ berriro gobernuan sartzea zerbait aldatuko duela Martxoaren 3ko borrokan?
Gobernuan dagoen partidua baino, fase politikoek aldatzen dutela uste dut. Oraingo parlamentuan sektore politiko guztiak ordezkatuta egotea oso garrantzitsua da lehen komentatu dudan errealitatea hobeto ordezkatuta geratzen delako. Eta hau dela eta EAJ mapa politiko berri honen barruan errealitate berri honi aurre egin behar duela argi dago.

San Francisco elizako mural oroigarriak kendu dituzte eta udalari eta apezpikutzara behin-betiko oroigarri bat jartzea eskatu duzue. Baina ezezkoa eman dizuete. Zer pentsatzen duzue horren inguruan?
Elkarteak erabaki zuen horrelako hika-mikatan ez zela sartuko. Horregatik, erabaki genuen polemika hau erabiltzea behin-betiko oroigarri bat eskatzeko. Azkenean lortu dugu udaleko indar politiko guztiak onartzea eskaera hau. Honekin lortu nahi duguna Gasteizera datorren edonork zer gertatu zen irakurtzea da. Momentuz esan digute guk proposatu ditugun gauzak jarriko dituztela hurrengo asteetan. Hau guretzat beste garaipen izugarri bat izango litzateke guretzat.

Liburu bat aurkeztu zenuten otsailaren bukaeran. Zertaz doa? Zer aurreratu daiteke edukitik?
Amparo Lasheras 25. Urtemugan liburu bat egin zuen. Orain egin duguna, handiketa, zuzenketa eta aldaketa batzuekin birkaleratzea izan da. Horrez gain, Lluis Llachen La revolta permanent liburuarekin batera salmentan jarri dugu, guretzat oso lan garrantzitsua baita.

2013(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

"Martxoak 3" elkartearen bozeramaileei elkarrizketa I

"Argi dago Martxoaren 3an gertatutako guztia aurrez aurretik pentsatuta zegoela" Andoni Txasko

1976ko martxoaren 3an, poliziak 5 langile erail zituen greba orokor baten igarotzean. Bertsio ofizialak poliziak egun horretan eta hurrengoetan eragindako sarraskia babesten zuen orain dela 37 urte, eta babesten jarraitzen du gaur egun. 
Egia, justizia eta konponketa eskatzeko helburuarekin sortu zen Martxoak 3 elkartea orain dela 14 urte, eta gaurkoan, 2011n ireki zen M3moria Gunean Martxoaren 8an egin nuen elkarrizketaren lehenengo zatia aurkezten dizuet, Andoni Txaskorekin izan nuen solasaldia hain zuzen ere.
Andoni Txasko elkartearen bozeramailea da, eta 1976ko Martxoaren 4an poliziaren indarkeria jasan zuen. Poliziak hiru lagunekin zebilela hartu eta emandako kolpeen erruz begi bat galdu zuen. 2006an 30. urteurrena ospatzen ari zela ere atxilotua eta epaitua izan zen.

Zeintzuk ziren zehazki 1976aren martxoan egiten ziren aldarrikapenak? Zergatik konbokatu zen Martxoak 3ko greba?
Martxoak 3ko greba arrazoi laboralengatik hasi zen: langile guztiei soldatak 5000 pta. igotzea, astean 38 ordu lan egitea, soldataren %100a kobratzea gaixorik zeudenean… ez ziren gauza gehiegi eskatzen. Baina aldarrikapenak oso azkar politikoak eta sindikalak bihurtu ziren. Kontuan hartu behar da momentu horietan ez zeudela eskubide eta askatasun ez politikorik ez sindikalik, eta horiengatik ere borrokatu zen.

Existitzen ziren momentu horietan edozein motatako aldarrikapen nazionalistarik?
Ez. Nik behintzat ez nuen bizi. Egia da batzuk sentimendu hori biziagoa geneukala beste batzuk baino, baina greba honen testuinguruan ez zen horrelakorik egon. Hala ere, kontuan hartu behar da greba egin zutenen artean ideologia guztietako langileak zeudela: sozialistak, nazionalistak… Horrez gain momentu horietan, nahiz eta gehienak ezkutukoak izan, alderdien atomizazioa izugarria zen.

Zein izan zen emakumearen papera Martxoak 3ko greban?
Metalurgiaren enpresetan bereziki ez zeuden emakume asko lan egiten, baina bazeuden emakumeen enpresak: Areitia adibidez kremailerak sortzen zituen emakumeen enpresa zen, eta grebara batu ziren berdintasuna eskatzeko. Urte horietan emakumeek nahiz eta gizonek egiten zuten lan berdina burutu ez zuten soldata berdina jasotzen. Zentzu horretan emakumeak greba horretan parte hartu zuten. Eta ez hori bakarrik: horietako batzuk oso paper garrantzitsua bete zuten grebaren barruan, izan ere, haiek izan ziren erresistentzia kutxa antolatu zutenak. Emakumeen mugimendu hau ez zen egun horretan geratu: gaur egun oraindik existitzen den Arabako Emakumeen Asanblada hortik sortu zen.

Polizia goiz-goizetik manifestaldien aurka joaten hasi zen?

Normalean, enpresa bakoitzak greba orokor baten atarian asanblada propioak egiten zituen non bertako langileek erabakitzen zuten grebara aterako ziren ala ez (martxoaren 3an grebaren jarraipena erabatekoa izan zen). Geroago gune industrial bakoitzetik zutabeak antolatzen ziren hiriko erdialderantz joateko. Zutabe hauetan poliziak indarkeria era basati batean erabiltzen hasi zen. Horrez gain, elizak goizetik inbadituak izan ziren asanblada ezberdinak burutzen ziren bitartean. Lehen balak goizean Gasteiz Hiribidean eta beste hainbat lekutan bota ziren, eta zaurituak erietxetara goiz-goizetik joaten hasi ziren.

Zer gertatu zen San Francisco eliza barruan?
Arratsaldeko 5etan San Francisco elizan asanblada orokorra deituta zegoen. Jendea goiz hurbildu zen elizara eta azkar bete zen. 5000 pertsona inguru zeuden barruan, eta beste hainbeste kanpoan geratu ziren. Bete zen momentuan, polizia agertu eta eliza inguratu zuen. Batek elizgizonari eliza hori hustu egin behar zela esan zion, baina honek barruan ez zela legez kanpoko ezer gertatzen eta handik ez zirela aterako erantzun zion. Orduan polizia elizara sartu eta eliza barruan kea eta gasak botatzen hasi ziren. Hau dela eta jendea erdi itota kalera ateratzen hasi zen, non polizia itxaroten zegoen jotzeko eta disparatzeko. Kanpoan zegoen jendea polizia erakartzen saiatu zen elizako atea libre utz zezaten, eta orduan, bai kanpokoen aurka eta bai barrukoen aurka hasi ziren tirokatzen.

Espero zen polizia zerbait egitea asanblada horren aurka?
Behin elizan sartzen utzi zutenean, jendeak ez zuen uste ezer gertatuko zenik. Asanblada hori ilegaltzat hartzekotan, polizia ordu erdi lehenago atean jartzearekin nahikoa baitzen. Horregatik, argi dago poliziak pentsatuta zeukala jendea barruan sartzen uztea gero langileen aurka tiroka hasteko.

Nori entzuten zaio irrati elkarrizketetan?
Ez dakit. Esan didatenez operazio guztia antolatzen zuen Quintana kapitaina zen, baina ez dakigu kapitaina hurbil zegoen Jeep edo autobus batean edo delegazioan zegoen. Hala ere, kontuan hartu behar da egun horretan Burgoseko, Logroñoko eta Valladolideko poliziak etorri zirela Gasteizkoak laguntzera; beraz zailagoa da oraindik jakitea nor zen hori guztia antolatzen zuena.

Nolakoak izan ziren hurrengo egunak?
Zaramagako tiroketak gertatu ziren momentu horretatik beretik, Gasteiz hartutako hiri bat zen. Hurrengo orduetan eragin ziren suntsitze gehienak, jendeak poliziaren aurka zeukaten amorrua erakutsi baitzuen.
Hurrengo egunetan polizia leku guztietatik ibili zen. Gainera, 3 pertsona baino gehiagoko taldeak disolbatzen zituzten behin eta berriro. Martxoaren 4an 3 lagunekin nindoan eta polizia gure kontra etorri zen. Momentu horretan indarkeria osoz, eta jakinda begian lesio bat neukala, aurpegian kolpe asko jaso nituen. Horietako batek begian jo zidan bete-betean eta hau galdu nuen. Hau dela eta argi dago aurreko egunean gertatutakoa ez zela beroaldi baten ondorioz gertatu; guztia aurretik pentsatuta zegoen.

Hiletetara jendea beldurrez atera zen?
Nire ustez jendeak momentu horietan ez zeukan beldurrik, amorrua baizik. Eta horren argibide da hileta-elizkizunetara 60000 pertsona baino gehiago hurbiltzea justizia eta egia eskatzen.

Nola uler daiteke martxoaren 4an Fraga Gasteizera etortzea biktimekin egotera bere polizia jendea jipoitzen jarraitzen zuen bitartean?
Ez da ulertzen lehen komentatutako planifikatze horretan ez badugu sartzen. Horrela Fragak Espainia osora zabaldu nahi zuen zer gertatuko zitzaien beste lekuetan Gasteizen jarraitzen ari ziren bideak jarraitzen bazituzten. Horregatik hona etorri zen bai poliziaren jokabidea berrestera eta bai gertatutakoa adibide bezala jartzera gobernuak jartzen zituen mugak apurtzen zituztenentzat. Eredu hori beste leku batzuetan aplikatu zuten hurrengo egunetan: Tarragonan eta Basaurin bi hildako egon ziren hurrengo egunetako manifestaldietan.

2013(e)ko urtarrilaren 17(a), osteguna

Kalitatezko? Euskal? Herriko Unibertsitatea


Oraintxe bertan ikasten egon beharko nintzateke, baina gutxitan etortzen zait zerbait idazteko inspirazioa, eta ezin dut momentu honi uko egin. Eta hemen nago, word txuri baten aurrean idazteko prest, eta idatziko dudanarekin zer egingo dudan jakin gabe.
Unibertsitateko lehen lauhilabetekoa bukatzen ari da. Azterketa batzuk egitearen faltan oso balorazio pertsonal positiboa egin dezakedala uste dut: primerako jendea ezagutu dut, euskara ezberdin asko entzun ditut (nahiz eta batzuetan ez ulertu), hainbat ikasgai interesgarri landu ditut... Baina ezin dut balorazio berdina egin Euskal Herriko Unibertsitateaz.
Uztailaren 16an, oporretatik etorri berria nintzela, Leioako Kanpuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatera hurbildu nintzen matrikula egiteko. Hara ailegatu nintzenean (taxian, izan ere, ez Termibuseko ez BizkaiBuseko inor ez zen kapaza izan Kanpusera igotzeko autobusik bazegoen ala ez esaten), idazkaritzara igo eta han matrikula egitera sartu nintzen emakume baten laguntzaz. Nik “kaixo” esaterakoan bere erantzunean lehen sorpresa: ezin nau euskaraz atenditu. Bueno, pasatzen utzi beharko, nahiz eta oso serioa ez iruditu; “uda izanda agian jendea oporretan dago eta kasualitatez euskaraz ez dakien berria tokatu zait”, pentsatu nuen.
Matrikula egiterakoan egin zizkidan galderen artean honako hau galdetu zidan: “¿Español o Euskera?”. “Euskara –erantzun nion- pero quería hacer una pregunta: ¿Qué asignaturas se ofrecen en inglés y se necesita mucho nivel para ellas?”. Isilune bat. Ez zekien zer erantzun. “Pues ahora mismo no lo sé”. Ni ez nekien zer aurpegi jarri. Matrikula egiten duena ez badaki zein ikasgai dauden ingelesez nork jakingo du? Berak galdetuko duela esan eta bere telefonoa eman zidan, etxera ailegatzerakoan deitzeko eta dakiena esateko. Eta noski, etxera ailegatzerakoan deitu nion. “Se necesita un nivel bastante elevado”, zioen, baina ez zekien zein ikasgai ematen diren. Azkenean pasatzen utzi eta unibertsitateaz irailera arte ahaztu nintzen.
Klaseko lehen egunean, fakultatera joan nintzen Gasteiztik. Hara ailegatzerakoan EHUaren web orrialde ofizialean zetorren informazioa jarraituz, jartzen zuen klasera sartu nintzen nire gradua egiten zuten pare bat lagunekin. Baina klasea hasteko ordua baino pixka bat lehenago, hori gradu berdineko gaztelaniazko klasea zela konturatu ginen, klaseak aldatu omen zituztelako. Eskerrak bakarrak ez ginela izan eta hainbat pertsonekin batera gure klasea nahiko azkar aurkitu genuela.
Klasean geundela 11:30tan (hau bai, interneten jarrita zegoen bezala), errektoretzako gizon bat etorri zitzaigun “aurkezpena” egitera. Ez zen 15 minutu baino gehiagoz egon gurekin, eta ia ez zuen ezer berririk esan. Guretzat lehen egunean “informazio” momenturik garrantzitsuena izan behar zena ezertan geratu zen. Bitxikeri bezala, informazioa ematera etorri zen gizona klase bat aurkitzeko mapan begiratu genezakeela esan zigun “eta ez baduzue aurkitzen, eman pisuari bueltak, azkenean aurkituko duzuela”. Oraindik ere klasean esaldi hori gogoratzen dugu. Bi egun neramatzan fakultatean (matrikula egiteko eguna eta iraileko lehena) eta ikusten hasia nintzen EHUk zeukan seriotasun falta.
Entzunda neukan lehen egunetan fakultate guztietako idazkaritzetan egiten diren ilara luzeak, bai matrikularako faltatzen diren dokumentuak, eta baita beken eskaerak entregatzeko ere. Eta ez zen mito bat. Gainera, ilara hauek luzeak izateaz gain, oso geldoak ziren. Baina bekaren eskakizuna entregatu behar nuen. Orduan pazientziaz osoarekin ilaran jarri nintzen. Ailegatzerakoan, emakume bat (ez zen matrikularen egunekoa) paperak eskatu (gaztelaniaz, noski, euskaraz berriro ere ez baitzekien) eta era ez oso egoki batean bueltatu behar zizkidan paperak grapatu eta kanpora joan nintzen.
Hemen euskararen asuntoa pentsatzen nuena baino larriagoa zela konturatu nintzen. Momentu horretara arte irakasleek eta errektoretzatik etorri zen gizona bakarrik euskaraz jakin dute. Eta irakasle batzuk ere, ez dute euskaraz ondo hitz egiten. Ikasteko ditugun power pointetatik urtean zehar akats larri asko aurkitu ditugu. Badakit, ez naiz aproposena hau kritikatzeko, ziur aski testu honetan akats larriren bat egongo da, agian bat baino gehiago, baina uste dut UNIBERTSITATEAN ematen duen irakasle batek euskara maila altuago bat erakutsi behar duela. Dagoena dagoela, unibertsitate honi izen ofizialetik “EHU” kentzea bakarrik falta zaio, UPV bakarrik geratzeko.
Hau bakarrik lehen asteko esperientziak izan ziren, baina kurtso osoan zehar oraindik hauek baino seriotasun gutxiago erakusten dituzten gauzak eta euskararen inguruan hainbat eta hainbat gertakari ezberdin kontatu ditzaket, baina denbora gehiegi galdu dut (edo inbertitu, ekonomistaren batek esango zukeen bezala) jada hau idazten. Hurrengo baterako utzi beharko dut.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...